12

api / 2018

Hondarribiaren eta Irunen promozioa Bordelen, Aste Santuaren ondoren

  • Basques a Bordeaux azokan parte hartuko du Bidasoa bizirik-ek
  • %84,61ekoa izan da hotelen okupazioa Hondarribian eta Irunen Aste Santuan
  • Bi gidaliburu berriro editatu dira, eta promozio bideoak egin dira

Hondarribiko eta Irungo Udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, turistak eta bisitariak bi hirietara erakartzeko lan egiten dute. Apirilaren 27an, 28an eta 29an izango da hurrengo promozio ekintza, Destinos Euskadirekin batera, Bordelen egiten den Basques a Bordeaux azokan.

Azokaren helburua da lurraldeko biztanleak animatzea, Iparraldeko eta Hegoaldeko Euskal Herria bisita dezaten. Kolektibo horren bisita sustatzea lehentasuna da bi hirietako sektore turistikoarentzat eta merkatarientzat. Bidasoa bizirik-ek Destinos Euskadi stand-ean parte hartuko du, Hondarribiko eta Irungo turismoa sustatuz. Gure lurraldean egin daitezkeen bisitei eta aktibitateei buruzko informazioa emango dute bertan.

Aste Santuko datuak

 Bidasoa eskualdeko hotelek Aste Santuan izan duten okupazioa, ostegunetik astelehenera, %84,61ekoa izan da, %89,79koa Irunen eta %72,51koa Hondarribian. Gipuzkoako joerarekin bat eginez, 2017koa baino apalagoa izan da okupazioa, %90,18ra heldu baitzen orduan, %94,12 Hondarribian eta %86,25 Irunen.

3.328 kontsulta jaso dira Irungo eta Hondarribiko turismo bulegoetan. Horietatik 2.640 Arma Plazako bulegoan, 604 Kirol Kaian eta 84 Irungo Luis Marianoko bulegoan. Gipuzkoako joera jarraituz, datu positiboak dira, baina joan den urtekoak baino apalagoak, 4.259 jaso baitziren orduan.

Turismo bulegoetatik pasa diren bisitarien jatorriari dagokionez, %10,25 atzerrikoa izan da (%6,49 frantziarra), %13,22 Euskadikoa, %4,84 Gipuzkoakoa, %3,13 bertakoa eta %68,57, estatuko beste lekuetakoa. Horien artean, nabarmentzekoak dira kataluniarrak (%18,12), madrildarrak (%17,07) eta Gaztela-Leongo bisitariak (%6,97).

Esperientzia enogastronomikoak eta jatetxeen gida

 Bi hirietako jatetxeen gida berriro editatu da, turistei informazio hori modu argi eta arinean eskaintzeko asmoz. Gida berrian 127 jatetxe agertzen dira (53 Hondarribikoak eta 74 Irungoak) eta haien kokapena eta eskaintzen duten janari mota ezagutu daitezke.

Bestalde, esperientzia enogastronomiko bakoitzeko bideo bat egin du Bidasoa bizirik-ek.  Artisau ogiaren elaborazioa, ardo dastaketak, bertako produktuekin platerak prestatzea, izozkien elaborazioa, artisau garagardoarena, edo sagardo eta txakolin ekoizleen bisita gidatuak dira esperientzia horietako batzuk.

Lurraldea, gastronomia eta produktuak era ezberdin batean ezagutzeko aukera eskaini nahi zaie bideoen bidez, Irungo eta Hondarribiko herritarrei, baita bi hirietako bisitariei ere. www.bidasoaturismo.com web gunean ikusi ahal izango dira bideoak.

Enpresa nautikoen gida

 Zerbitzu nautikoen eskaria gero eta handiagoa izaten da urtero, Irun eta Hondarribia bisitatzen dituzten turisten artean. Informazio guzti hori modu arin eta sinple batean eskaintzeko asmoz, gida berriro editatu da, eta informazio kartel berri bat egin, turismo bulegoetan, portuan etab. kokatzeko.

Sarrera hau Azoka, Enpresa-kudeaketa, Konferentzia, Topaketak kategorietan argitaratu da eta , , etiketarekin. Gorde permalinka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude