Nuevas becas emprender

Nuevas becas para emprender en Hondarribia e Irun ¡ÚLTIMOS DÍAS! ZKEN EGUNAK!

 

Hondarribian eta Irunen ekiteko beka berriak

Enpresa-proiektu berritzaile bat abian jarri nahi duten pertsonek laguntza ekonomikoa, aholkularitza eta lan egiteko lekua doan izango dituzte.

 

Izena emateko epea 2021eko apirilaren 30era arte egongo da irekita, eta, hala badagokio, bigarren epe bat egongo da maiatzaren 1etik irailaren 30era bitartean.

 

Irunen, 2021eko apirilaren 21ean.– Irun eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, Bidasoan ekiteko beken beste deialdi bat egin dute. Enpresa-proiektuak garatzen laguntzeko programa da, eta 9.000 euroko aurrekontua izango du.

Beka hauen helburua da enpresa-proiektu bihur daitezkeen ideia berritzaileak dituzten pertsonei laguntza ekonomikoa ematea. Bekadunek, gainera, toki bat izan dezakete Bidasoa bizirik-eko coworking gunean dohainik, wifia eta bilera gelekin eta ekintzailetzako ekosistema batean parte hartzeko aukerarekin. Hala ere, azken bi edizioetan bezala, Coworkignean egoteko aukera Covid-19aren pandemiaren ondoriozko osasun-neurrien arabera arautuko da.

Bidasoa bizirik-eko lehendakari den Miguel Ángel Páezek nabarmendu duenez, “beka hauek eskaintzen ditugun laugarren urtea da, eta aurreko urteetan oso ongi funtzionatu dute. Ikusi ahal izan dugunez, talentu handia dago eskualde honetan, eta jendea motibatzen jarraitu nahi dugu, beren proiektu berritzaileak abian jarri eta negozio bideragarri bihur ditzaten”.

Bestalde, María Serrano Bidasoa bizirik-eko lehendakariordeak gaineratu duenez, “coworking gunean lan egiteak ekintzaileen arteko harremana eta lankidetza errazten ditu, sinergiak eta lankidetzak ahalbidetuz. Gainera, Bidasoa bizirik-eko teknikariengandik hain hurbil daudenez, aholkularitza eta segimendu eraginkorragoak izateko aukera dute ekintzaileek”.

Beka hauen beste helburuetako bat negozio ideia batean pentsatzean sortzen den lehen oztopoa ezabatzea da: enpresa proiektu bat behar bezala diseinatzeko baliabide eta denbora falta. “Laguntza ekonomikoari, espazioaren doako lagapenari eta aholkularitza eta akonpainamenduari esker, pertsona ekintzaileek lehenengo muga hori gainditu eta beren negozio-ideiaren garapenean bakarrik jar dezakete arreta”, gaineratu du Páezek.

Baldintzak eta izen-ematea

Irunen edo Hondarribian erroldatuta dauden, eskualdean enpresa bat sortu nahi duten eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda ez dauden adinez nagusi orok eska ditzakete bekak. Gainera, eskaera egiten duen pertsonak ezin izango du bekaren onuradun izan azken 3 urteetan, eta bi herrietako udalekiko zerga betebeharrak eguneratuak izan beharko ditu.

Deialdi honek bi eskabide epe izango ditu. Lehenengo epea 2021eko apirilaren 30ean bukatuko da, eta, hala badagokio, bigarren aldiz irekiko da maiatzaren 1etik irailaren 30era bitartean.

Bekadun bakoitzaren gehieneko zenbatekoa 1.950 eurokoa izanen da; esleipena, berriz, ez da hilean 325 eurotik gorakoa izango, eta gehienez ere sei hilabetez jasoko da.

Aurkezten diren proposamenak baloratzerakoan, Bidasoa bizirik-ek zero puntutik ehun puntura bitarteko baremoa ezarriko du, eta proposatutako negozioaren ideiarekin lotutako prestakuntza teknikoa eta lan-esperientzia, enpresa-kudeaketako prestakuntza, proposamenaren definizio- eta argitasun-maila, aurreikusitako lan-plana eta proposamenaren interes-maila ebaluatuko dira, ‘Bidasoaren Garapen Ekonomikorako Plan Estrategikoko’ helburuak lortzeko egiten duen ekarpena kontuan hartuta.

Informazio gehiago lortu edo beren proiektuak aurkeztu nahi dituztenek Bidasoa bizirik-eko Ekintzailetza eta Jarduera Sailarekin jarri beharko dute harremanetan, 943 50 96 00 telefonoan edo ekintzailetza@bidasoa-activa.com helbidera mezu bat bidalita.

Bederatzi beka 2020ean

Iazko edizioan bederatzi beka eman ziren, besteak beste, txakurren hezkuntzari, etxea argiztatzeko gailu adimendunen garapenari, lorategi bertikalei, on line prestakuntzari, psikoterapeutentzako marketplace bati edo on line gimnasio bati buruzko proiektu berritzaileetarako.

Adibidez, Asier Olaizolak ‘Aguacate’ proiektua abian jartzeko beka jaso zuen iaz, marrazkiaren oinarriak ikasteko eta 2D eta 3D animazioko zinema eta bideojokoak sortzeko plataforma. “Nik Bidasoa bizirik beste proiektu batzuengatik ezagutzen nuen, eta beka hauen berri izan nuen Ekintzailetza Saileko tekinkari bati esker; proposamen bat aurkeztu nuen eta beka jaso nuen. Egia esan, oso prozesu positiboa izan da, Bidasoa biziriken laguntzeko prest daude beti”, dio.

Bestalde, Liliana Bravok, bekaren bidez, ‘Eyetosee’ proiektua jarri du abian, zinemarekin eta zinemagintzarekin lotutako albiste- eta prestakuntza-plataforma multimedia bat: “Gehien gustatu zaidana aholkularitzak eta Bidasoa bizirik-etik eskaintzen dizkizuten konfiantza eta askatasuna izan dira; zure proiektua zure kontu eta lasai garatu dezakezu, baina beti zaude oso ondo aholkatuta. Gainera, coworking-ari esker, beste pertsona batzuk ezagutu ditut nire egoera berean, eta batzuekin lankidetzan aritu naiz nire proiektua garatzeko. Oso erabilgarriak izan daitezkeen harremanak ezartzeko modu ezin hobea da”.

Ez dago iruzkinik

Utzi zure iruzkina