Arrakastaz amaitu da eskualdeko emakumeei soilik zuzendutako teknologia berrien lehen ikastaroa

 

  • ’Women Flowing With Tech’ Bidasoa bizirik-ek antolatu du Junior Empresa HOX elkartearekin lankidetzan.
  • Ikastaroa errealitate areagotua, errealitate birtuala eta adimen artifiziala bezalako teknologietan oinarritu da, datozen urteetan enplegu asko sortuko duen sektore batekiko interesa pizteko.

Irunen, 2021eko urriaren 19an.- Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, eta Junior Empresa HOX Elkartearekin lankidetzan, azken hilabetean arrakastaz garatu den ‘Women flowing with tech’ izeneko azaleratzen ari diren teknologiei buruzko prestakuntza antolatu dute, eskualdeko emakumeei soilik zuzendua. Arrakastaren erakusgarri da Irungo eta Hondarribiko hamabost emakumek parte hartu dutela, hau da, zeuden plaza guztiak bete dira.

Prestakuntzan parte hartu duten emakumeen profilak askotarikoak izan dira: arkitekto bat, abokatu bat, informazioaren teknologietan prestakuntza duten emakumeak, baina sortzen ari direnak gertutik ezagutzeko gogoa zuen beste emakume bat, etab.

‘Women flowing with tech’ errealitate areagotua, errealitate birtuala eta adimen artifiziala bezalako teknologietan zentratu da. Helburua da garatzen ari diren teknologia horietan emakumeen ezagutza areagotzea eta etorkizunean enplegu asko sortuko duen sektore batean modu espezializatuagoan prestatzen jarraitzeko haien interesa piztea.

“Ekimena aurkeztu genuenean adierazi genuen bezala, nahiz eta hau etorkizuneko sektoreetako bat izan, oraindik ere oso emakume gutxi dago bertan. Horregatik, Bidasoa bizirik-etik gure harri-koskorra ekarri nahi genuen eta eskualdeko emakumeak sektore horretan trebatzera bultzatu. Eta oso pozik gaude emaitzarekin, bai antolatzaileak, bai parte-hartzaileak oso pozik agertu baitira ikastaroarekin, eta horrek lanean jarraitzera bultzatzen gaitu”, adierazi du Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko  presidenteak.

Bestalde, Maialen Zamoranok eta Claudia Ainciburuk, HOX Junior Empresa elkartekoak, adierazi dute “oso pozik” daudela “emaitzarekin. Aurrez aurre egiteak, gainera, balioa eman du, elkar ezagutu direlako eta harremanak sortu dituztelako. Era berean, oso interesgarria izan da prestakuntza amaitu ondoren aurkeztu dituzten proiektu guztiak gizarte-arazo batetik sortzen direla ikustea, eta guztiek irtenbide bat eman nahi diotela arazo horri teknologiaren ikuspuntutik”.

Startup-ak bisitatzea

Irun Factoryn egin da ikastaroa, zazpi egunetan, lau astez. Guztira, 5 orduko lau modulu garatu dira: lehena, sarrerakoa; bigarrena, errealitate areagotuari buruzkoa; hirugarrena, adimen artifizialari buruzkoa; eta azkena, errealitate birtualari buruzkoa.

Prestakuntza bete-betekoa izan zedin, Gipuzkoako startup batzuk bisitatu dira. Adibidez, Eywa, errealitate areagotuan eta errealitate birtualean espezializatutako startup-zentroa, non honako startup hauek ezagutu ahal izan zituzten: OROI (errealitate birtualeko kanala, entretenimendurako eta estimulazio kognitiborako esperientziak dituena, ongizate emozionala sortzeko eta adineko pertsonen funtzio kognitiboak entrenatzeko); MIDDIN (sexu-hezkuntzan eta genero-berdintasunean trebatzeko plataforma gamifikatua); eta EDUCARREALITY (errealitate areagotuko eta errealitate birtualeko teknologia berriak, eta gamifikazio-teknikak dituenak).

Gaur arratsaldean, gainera, Nuavis bisitatuko dute, industria-sektorerako balio erantsi handiko irtenbideak garatzen espezializatutako oinarri teknologikoko enpresa.

“Sortzen ari diren teknologia horien inguruan dauden enpleguak edo enpresak beren begiekin ikusteko modu bat da. Zalantzarik gabe, ikastarorako oso osagarri garrantzitsua da, eta, aldi berean, beren interesa are gehiago pizten eta mundu honetan lehen harremanak ezartzen lagun diezaieke”, azaldu du María Serrano Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak.

Jaqueline Bica ikasleak esan duenez, “esperientzia oso positiboa izan da, mundua beste era batera plantearazten dizuten gauza superberritzaileak ikusi ditugu, bizitzarako nahiz negozioei ekiteko balio digutenak. Emakumeok mundu honetan sartzea oso garrantzitsua dela uste dut, gizaki gisa garatzen eta independentzia handiagoa izaten lagunduko digulako”.

Monica Lainsa ikaslea ere pozik agertu da: “ni zuzenbidearen mundutik nator eta ez dut teknologiekin zerikusirik, baina oso ondo etorri zait mundu hau ezagutzeko. Badakit arlo horretan ikasten jarraituko dudala, pixka bat gehiago sakonduz. Gainera, oso giro ona egon da ikastaroan”.

Azkenik, Samara Ruíz irakasleak esan du prestakuntza “oso aberasgarria eta beharrezkoa izan dela, bai elkarri laguntzeko, bai teknologia berri horien inguruan emakumearen ekimena sustatzeko”.

Ez dago iruzkinik

Utzi zure iruzkina