Krea Bidasoa, Euskadin bakarra den ekintzaileentzako azoka, formatu presentzialera itzuliko da 13. edizioan

  • Hitzordua apirilaren 7an izango da, Ficoban.
  • Aurreko edizioetan bezala, ekitaldiak askotariko programa izango du: tailerrak, hitzaldiak, erakusketak eta proiektuen aurkezpenak.

Irunen, 2022ko martxoaren 15ean.- Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, Krea Bidasoa ekitaldia antolatu dute aurten ere. Formatu presentziala izango du eta apirilaren 7an izango da, Ficoban.

 

Ekitaldi honen hamahirugarren edizioa da. Urtez urte 400 pertsona baino gehiago biltzen ditu, eta helburua da pertsona ekintzaileak, enpresak, erakunde publiko eta pribatuak eta beste eragile batzuk harremanetan jartzea, beste esperientzia batzuk ezagutzeko, ezagutzak zabaltzeko eta negozio-joera eta -aukera berriak identifikatzeko.

“Urte hauetako esperientziak erakutsi digu Krea Bidasoan sortzen diren loturak funtsezkoak direla askoz eragin handiagoa lortzeko. Alde batetik, enpresak, sendoagoak, egitura eta egonkortasun handiagokoak, ekintzaileek askotan beren proiektuak sendotzeko behar duten aukera dira.  Aldi berean, ekintzaileen freskotasunak, grinak eta sormenak berrikuntza eta gaurkotasuna ekartzen dizkie enpresei, eta enpresa-garapena sustatzen duen ekosistema bat lortzen da”, azaldu du Miguel Ángel Páez, Bidasoa bizirik-eko lehendakariak eta, ondoren, nabarmendu du: “hain zuzen, lotura horiek ezartzeko bidea denez, are gehiago pozten gaitu Krea Bidasoaren formatu presentziala berreskuratzeak”.

“Bi urte daramatzagu osasun-krisian, eta enpresek eta ekintzaileek ondorioak jasan dituzte. Hori dela eta, une egokia da frogatutako erresilientzia balioesteko, baita Bidasoa bizirik-en lantzen ari diren funtsezko piezak ere, indar handiagoz jarraitzeko”, azaldu du María Serranok, Bidasoa bizirik-eko lehendakariordeak. “Hori dela eta, hamahirugarren edizio honetan, ekitaldiaren lema ‘Pieza Giltzarriak’ izango da, eta Legoko bloke koloretsuak erabiltzen dituen irudi batean islatzen da. Lemak erakutsi nahi du lurraldeko enpresa eta pertsona ekintzaileak etorkizunari begira daudela”.

Legoren piezen dinamismoak kateatzeko modurik onena bilatzen laguntzen du, etengabe aldatzen ari den enpresa-agertokira egokitzeko. Pieza horiek bezala, pertsona guztiak desberdinak dira, baina gaitasunak eta jarrerak bateratuta, askoz emaitza garrantzitsuagoak lortzen dira.

Hala, Krea Bidasoaren edizio honen ikusizko identitatea Lego pieza ugaritatik sortutako esfera baten bidez planteatu da. Pieza horiek gure ekosistemaren sinbolo dira, eta batasunari esker urrunago iristeko gai garela. Esferako funtsezko piezek gaur egun enpresa eta ekintzaileak lehiakorrak eta berritzaileak izateko giltzarririk indartsuenak sinbolizatzen dituzte: trantsizio ekologikoa (berdea); trantsizio digitala (urdina); kultura ekintzailea (horia), talentua (gorria); sormena (laranja).

Hainbat jarduera dituen programa

Urtero bezala, Krea Bidasoaren programak enpresei eta ekintzaileei zuzendutako tailerrak eta hitzaldiak izango ditu.  Adibidez, ‘Enpresa ekintzailea. Beharra edo aukera’ hitzaldia, Hub Advisoryko Iñaki Azpiazuren eskutik.

Eraldaketa digitalari buruzko hainbat tailer ere egingo dira, SPRI taldeko Inplantalariak proiektuaren eskutik. Hiru saio izango dituzte: “Paperik gabeko bulego baterako trantsizioa”, “Adimen artifiziala erabili Interneten presentzia egokia izateko” eta “Automatizatu zure negozioa eraginkorragoa izateko”.

Nabarmentzekoa da, halaber, “Berrikuntza ilusionista: nola lortu ezinezkoa, praktikan” hitzaldia, OCTIMA enpresako José María de la Torreren eskutik. Bertan, magiaren eta ilusionismoaren teknikak eta ikuspegiak aurkeztuko dira, proiektu edo negozio bakoitzaren arazo eta erronka garrantzitsuenei aurre egiteko tresna eraginkor gisa.

Goizean, gainera, ‘Star Ekintzaile’ hackathona egingo da. Bidasoko Lanbide Heziketako ikastetxeetan  Espiritu Ekintzailea Sustatzeko Programaren barruan dago. Helburua da elkarlanean, erronkei irtenbideak ematea eta helburu komun bat lortzea denbora gutxian. Erronka horien helburua da balio eta gaitasun ekintzaileak, sormena eta berritzeko gaitasuna indartzea, baita ekonomia zirkularraren oinarri diren kontzeptuak ere.

Bestalde, aurten, Krea Bidasoaren zati bat arte galeria bihurtuko da, ‘Fabrikazioaren artea’ izeneko erakusketarekin. Erakusketan egongo den pieza bakoitza ‘ad hoc’ sortu da balioak, esperientziak eta berrikuntza irudikatzeko. Industriaren eta fabrikazioaren eremuan erabiltzen den hizkuntza ulertzeko eta artearen hizkuntzara, sorkuntza-prozesura eta diskurtso kurtatorialera itzultzeko ahalegina egin da. Kasu honetan, lanak aurkezten dituzten artistak eskualdeko industria-enpresak dira, eta beren lanak Helga Massetani erakusketako komisarioak erakutsiko ditu bisita gidatuen bidez.

Bestelako jarduera bereziak

Aipagarria da, bestalde, ‘Bidasoko komunitate ekintzailea: Pieza interkonektatuak?’, OAZ Coaching para el cambio-ko Olaia Agirrek zuzendua. Horren helburua da eskualdeko ekintzaileek elkar ezagutzea eta sinergiak sortzeko aukera izatea.

Ez da falta izango networking-gune bat, non parte-hartzaileek kafea hartzeko atsedenaldia egin ahal izango duten esperientziak partekatuz eta sinergiak sortuz, ez eta ‘First Pitch’ ere, 20 segundoko iraupena duten 20 diapositiben bidez, Irun eta Hondarribiko proiektu berritzaileak aurkezteko.

Beste jarduera interesgarri batzuk dira ‘Trantsizioen bidea’, non inguruan gertatzen ari diren aldaketak aurkitu ahal izango dira, edo ‘Funtsezko piezak’ erakusketa, non gure eskualdeko proiektuak bilduko diren.

Programa osoa eta izena emateko formularioa www.bidasoa.activa.com webgunean egongo dira.

Tags:
Ez dago iruzkinik

Utzi zure iruzkina

Follow by Email
RSS