‘Euskaraz barra-barra’ programa gutxienez euskara ulertzen duen langile bat lanaldi osoan duten denda eta zerbitzuei bideratuta dago
Irungo Udalak, Euskara Zerbitzuaren bitartez, ‘Euskaraz barra-barra’ proiektua abiarazi du. Haren helburu nagusia da, batetik, euskararen erabilera sustatzea dendetan, ostalaritzan eta zerbitzuetan; eta, bestetik, bezeroei euskaraz artatuak izateko aukera ematen dieten saltoki eta zerbitzuak ikusaraztea. Halako establezimenduak ikusaraztearen bidez, euskararen erabilera bultzatzea bilatzen da harreman komertzialetan. Josu Iguiñiz Euskarako ordezkariak eta Nuria Alzaga Ekonomia Sustapeneko ordezkariak, merkataritzako sektoreko kideekin batera, programaren xehetasunak partekatu dituzte.
Euskara ordezkariak adierazi duenez, “egunero milaka harreman daude merkatari eta ostalarien eta euren bezeroen artean, eta hizkuntza da elkarri ulertzeko gakoa. Hiritar euskaldun askori zalantzak suertatzen zaizkie euskara erabiltzea erabakitzeko orduan; hortaz, dinamikak aldatu eta euskararen erabilera bultzatu nahi dugu harreman horietan”.
Bestalde, Ekonomia Sustapeneko ordezkariak gogorarazi duenez, “tokiko merkataritza hurbiltasunean oinarritzen da, ezagutzan eta entzutean, eta hizkuntza ere zaintza horren parte da. Euskaraz arreta ematea ez da hizkuntzaren kontua soilik, konfiantza sortzeko eta jendea etxean sentiarazteko modu bat ere bada, eta horrek egiten du indartsu eta desberdin gure merkataritza-sektorea”.
Ekimenean parte hartu ahal izateko, dendek eta zerbitzuek baldintza zehatz batzuk bete behar dituzte:
– Bermatu behar dute gutxienez euskara ulertzen duen langile bat egon behar dela une oro, denda irekita dagoen bitartean, bezeroek euskara erabiltzeko aukera eduki dezaten.
– ‘Euskaraz barra-barra’ marka leku ikusgarri batean jarri behar dute, bezeroek erraz ikusi eta identifikatzeko moduan.
Irungo Udalak, bestalde, hainbat zerbitzu eta laguntza eskainiko dizkie proiektuko parte-hartzaileei:
– Errotulazioa euskaraz egoteko dirulaguntzak.
– Doako itzulpen-zerbitzua, bezeroentzako kartelak eta euskarriak gaztelaniatik euskarara itzultzeko.
– Merkataritza- eta ostalaritza-arloetako hiztegi espezifikoak.
– Euskarazko ikastaroak merkatari eta ostalarientzat.
– Aholkularitza linguistikoko zerbitzu pertsonalizatua.
Bisiten emaitza nagusiak
Azaroaren 12tik abenduaren 15era bitartean, datuak bildu dira 175 establezimendutan. Horien artean, 116k ‘Euskaraz barra-barra’ proiektuan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzte, hots, gutxienez euskaraz ulertzen duen langile bat dute une oro, denda irekitzen denetik ixten denera arte. Zehazki, 142 establezimenduk badaukate euskaraz ulertzen duen langileren bat, baina 26k ez dute bermatzen irekita dauden ordu guztietan daudenik.
Baldintzak betetzen dituzten 116 establezimenduei programan sartzeko proposatu zaie, eta 87k baietz esan dute; hala, programan sartzeko aukera duten denda eta zerbitzuen % 75 atxiki da programara.
Baldintzak betetzen al dituzten jakiteko, bezeroekin lan egiten duten langileen hizkuntza-gaitasunei buruz galdetu egin da. Hauek izan dira lortutako emaitzak: 175 establezimendu horietan, 664 pertsonak lan egiten dute bezeroen aurrean; horien artean, 355 (% 53,5) euskaraz hitz egiteko gai da, 140 (% 21) ez da gai euskaraz berba egiteko baina ulertzen du, eta 169 (% 25,5) ez du euskaraz hitzik egiten ezta ulertzen ere.
Elkarrizketatuak izan diren 175 pertsonen balorazioa kontuan izanik, Udalak martxan jarritako kanpaina honen balorazioa ona izan da, eta azpimarratu du bezero euskaldunen gogobetetasuna hobetuko duela.
Datozen hilabeteen zehar, proiektuan parte hartuko duten establezimenduei bisita eta jarraipena egingo zaie, bermatzeko baldintzak betetzen jarraitzen dutela eta proiektuaren lehenengo balorazioa egiteko elkarrekin.
Proiektu hau Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Frantziako Gobernuko Euskararen Entitate Publikoak bultzatzen dute, eta Irungo Udalak parte hartzen du euskara sustatzeko asmoan.





Comentarios (0)