Irungo Udalak, Bidasoa bizirik-ekin elkarlanean, Tech Irun tailerren edizio berri bat antolatu du. 2017az geroztik, ehunka haur eta gazteren artean bokazio teknologikoak eta ekintzaileak piztu ditu ekimenak.
Tech Irun UDA tailerrek hamargarren urteurrena ospatuko dute uda honetan, eta, urte hauetan guztietan egindako ibilbideari esker, Irungo haur eta gazteen artean teknologiarekiko interesa sustatzeko erreferentziazko ekimenetako bat bihurtu dira. Irungo Udalak antolatzen ditu, Bidasoa Bizirik-ekin lankidetzan, eta Irun Ekintzan Garapen Ekonomikoaren eta Enpleguaren aldeko Itunaren baitan bultzatutako ekintzen parte dira. Uztailean eta abuztuan zehar, berriro ere robotika, programazioa, elektronika eta 3D diseinua ardatz izango dituen egitaraua eskainiko dute, 8 eta 13 urte bitarteko haurrei zuzenduta.

Bidasoa Bizirikeko presidente Nuria Alzagak programaren ibilbidea eta hamar urte hauetan izan duen eragina nabarmendu ditu. «Tech Irun tailerren hamargarren urteurrena ospatzeak erakusten du ekimena erabat sendotuta dagoela eta Irungo familiek oso ondo baloratzen dutela. Hamarkada honetan, ehunka haurri teknologia modu praktiko, sortzaile eta dibertigarrian hurbiltzea lortu dugu, eta gure lurraldearen etorkizunerako giltzarri izango diren bokazioak pizten lagundu dugu».
Alzagak, halaber, nesken parte-hartzeak izan duen bilakaera azpimarratu nahi izan du. «Poz handiena ematen digun lorpenetako bat da edizioz edizio nesken parte-hartzea handitzen ari dela ikustea. Estereotipoak apurtzen laguntzen jarraitu nahi dugu, eta teknologiaren esparrua haientzat ere badela erakutsi; horretarako, txikitatik erreferenteak, esperientzia positiboak eta beren talentu guztia garatzeko aukerak eskaini nahi dizkiegu».
Lau aste tematiko, sortuz ikasteko
Hamargarren edizio honetako jarduerak Irun Factoryn egiten ari dira, eta lau aste tematikotan banatuta daude. Bi adin-tarterentzako jarduerak eskaintzen dira: 8 eta 10 urte bitartekoentzat, eta 11 eta 13 urte bitartekoentzat. Proposamen guztiek robotika, programazioa, elektronika, 3D diseinua eta sormena uztartzen dituzte, metodologia praktiko baten bidez. Horrela, talde-lana, erronken ebazpena eta esperimentazioaren bidezko ikaskuntza sustatzen dira.
Lehenengo tailerra, «Misioa: espaziorako bidean», uztailaren 6tik 10era egin zen. Parte-hartzaileek robotak eraiki eta espazio-esplorazioan inspiratutako bideo-jokoak sortu zituzten, Lego WeDo, Mbot Ranger, Scratch eta MakeCode Arcade bezalako tresnak erabiliz.

Uztailaren 20tik 24ra «Arkeologia robotikoa» izango da protagonista. Tailer horretan roboten eraikuntza, bideo-jokoen programazioa eta sentsoreei, motorrei eta pixel art-ari lotutako oinarrizko kontzeptuak landuko dira.
Egitaraua abuztuaren 24tik 28ra amaituko da «Natura: zientzia eta teknologia» izeneko tailerrarekin. Proposamen horrek esperimentazio zientifikoa, sentsoreen erabilera, domotika eta hiru dimentsioko diseinua izango ditu ardatz, fisikaren eta teknologiaren oinarrizko kontzeptuak modu erraz eta atseginean hurbiltzeko.




Comentarios (0)