«Gipuzkoako Foru Aldundiak partaidetza zuzenean, elkartasunean, parekotasunean eta inklusioan oinarritutako ekonomia-eredu baterantz aurrera egitea proposatzen du.
Helburu horiek lortzearren, Gipuzkoaren errealitatea bera hartu behar da aintzat.
Enpresen lehiakortasuna eta iraunkortasuna funtsezkoak dira helburu horiek lortzeko, eta egun bizi dugun gizarte eta ekonomia krisian, beharrezkoa da esku-hartze estrategia eta politika espezifikoen arteko koherentzia artikulatzea.
Horregatik, enpresen lehiakortasuna bultzatu behar da, berrikuntza eta enpresa garapena sustatuz. Horretarako, merkatu globaleko aukerak aprobetxatzeko neurriak indartu behar dira.
Munduko ekonomia aldaketa unerik handienetakoan dago eta daraman abiada ziurgabetasun handia sortzen ari da. Horrela, ekonomiaren globalizazioak edo herrialde industrializatu berriak agertzeak erreferentzia esparru berri bat ekarri dute, eta hor jardun behar dute, hain zuzen ere, enpresek. Gure enpresek tradizioz estatuko merkatura jo izan dute lehentasunez, baina azken urteotan geldialdia bizi dugu eta nazioarteko testuinguru konplexu honetan gero eta enpresa txiki eta ertain gehiago abiatzen dira gure mugetatik kanpo.