08

uzt / 2020

Hondarribia-Irun Turismoa-k bere webgunea eta eskualdeko promozio liburuxkak berritu ditu

  • Berrikuntzarekin webgune eta liburuxka bisual eta freskoagoak lortu nahi izan dira.
  • Lau hizkuntzatan (gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez) jasotzen dute lurraldea bisitatzen duten pertsonentzako interesgarria den informazio guztia.

Irun, 2020ko uztailaren 7a.- Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa bizirik-en bitartez, Hondarribia-Irun Turismoaren webgunea berritu dute, baita eskualdeko promozio liburuxkak ere.

Webgune berriak (www.bidasoaturismo.com) lau hizkuntzatan (gaztelania, euskara, ingelesa eta frantsesa) biltzen du lurraldea bisitatzen duten pertsonentzat interesgarria den informazio guztia: batetik, Irunen eta Hondarribian isita daitekeenari buruzko informazioa. Bestetik, bi herrietan egin daitezkeen planak (kirol-jarduerak, jarduera nautikoak, jaiak eta ikuskizunak, natura, etab.).

Hirugarren atal batean, Irun eta Hondarribiko ostatu guztien zerrenda jasotzen da, eta ‘Non jan’ atalean, berriz, eskualdeko taberna eta jatetxeei buruzko informazio zehatza.

Web orrian, halaber, eskualdeko turismo-liburuxka guztiak aurki daitezke PDF bertsioan, baita bi herrietako turismo-bulegoetako datuak eta bisitatzen gaituzten pertsonentzako interesgarriak diren beste orri batzuetarako estekak, hala nola Irun Berdea, Erdi Aroko Hiri eta Hirien Sarea edo Gipuzkoa Turismoa.

“Irunek eta Hondarribiak potentzial turistiko handia dute, eta aprobetxatu egin behar dugu. Internetek hainbesteko garrantzia hartu duen mundu honetan, beharrezkoa zen webgunea eguneratzea, emaitza freskoagoa eta ikusgarriagoa lortzeko, bizi garen ingurunearen edertasun guztia erakusten duten argazki eta bideoekin “, esan du Miguel Angel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak.

Maria Serrano Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak azaldu duenez, webgune berria “aisialdiko turismo baterako ez ezik, publiko profesional batentzat ere diseinatu da, MICE turismoarentzat edo negozio turismoarentzat. Izan ere, Irunen eta Hondarribian eskari mota horri erantzuteko beharrezkoak diren baliabideak ditugu”.

Liburuxka berrituak eta sustapen-bideo bat

Eskualdeko promozio liburuxkei dagokienez, aipatutako lau hizkuntzetan berrituak izan dira. “Ez da berrargitalpen bat, guztiz berriak dira. Web orriaren ildo beretik, bisualagoak izatea nahi genuen, gure inguruan ditugun altxorrak benetan erakusteko. Hori dela eta, Irungo eta Hondarribiko turismoarekin lotutako informazio guztiaz gain, eskualdeko leku esanguratsuenen argazki asko daude”, esan du Páezek.

Irungo eta Hondarribiko planoak ere berritu egin dira: mapak handiagoak izateaz gain, interesguneak hobeto ikus daitezke eta ostatu guztiak erakusten dira orain, landetxeak eta aurretik agertzen ez ziren beste establezimendu batzuk barne.

Promozio liburuxkak eta planoak dagoeneko eskura daitezke bi herrietako Turismo Bulegoetan.

Azkenik, aipatu behar da eskualdearen sustapen-bideo bat ere egin dela, bi hirietako leku adierazgarrienen irudiekin.

Hotelak eta ostalaritza-establezimenduak berriro irekitzea

Nabarmendu behar da, bestalde, azken asteetan berriro ireki dituztela ateak konfinamenduaren ondoren oraindik ireki ez zituzten hotelak eta ostalaritza-establezimendu batzuek. Hala, salbuespen batzuekin, Irun eta Hondarribiko ia ostatu, jatetetxe eta taberna guztiak irekita daude gaur egun.

Esate baterako, Hondarribiko Jauregui hotela ekainaren 1ean ireki zuten berriro, eta hasiera “oso gogorra” izan zela esan du bere zuzendariak, Gonzaga Jauregui, “nahiz eta ekaineko azken astean erreserbak nabarmen igo ziren. Orain egunero-egunero goaz, azken orduko erreserba asko daudelako, baita egun berekoak ere. Hala ere, uste baino hobeto ari da joaten, eta uda salbatu ahal izango dugula uste dugu, nahiz eta batez besteko prezioa beste urte batzuetan baino askoz ere baxuagoa izan. Baina gure kezka neguan dago, ez baitakigu zein egoeratan egongo garen “.

Irungo Atalaia hoteleko María Fernández de Valderramak bizi duen ziurgabetasun bera da. “Ditugun bezeroak enpresetakoak dira batez ere, eta turismo nazional pixka bat dago. Pasaeran dagoen jendea ere, Europan bizi diren espainiar eta portugaldar asko, ia hegaldirik ez dagoenez, autoz itzultzen direlako etxera. Hori da gure kontsolamendua, uda honetan salbatuko gaituena, baina egunez egun bizi gara, erreserba asko bertan behera gera daitezkeela jakinda. Hori bai, etortzen diren bezeroei eskerrak ematen dizkiegu eta horren berri ematen diegu “.

Ostalaritzari dagokionez, Xabi Tife Hondarribiko Txantxangorri eta Branka jatetxeetako gerenteak esan du “erritmoa hartzen” ari direla. “Konfinamenduaren ondoren, bertako jendea nahikoa animatu zen irtetera, baina mugak ireki dituzten arte lana nahiko urria izan da. Orain gora goaz, baina uda eta, batez ere, udazkena nolakoak izango diren ez dakigu”.

Azkenik, Irungo Danako jatetxeko David Rodriguezek dioenez, “deseskaladaren hasiera-hasieratik ireki genuen, eta lehen asteak erokeria izan ziren, orain bete beharreko arauetara egokituz. Hilabete hauetan lan gutxiago egin dugu beste urte batzuetan baino, baina uste genuenez ez genuela ezer egingo, zerbait da. Hala ere, uztailari eta abuztuari begira, espero dugu jendeak ez dezala hainbeste bidaiatu eta Irunen bizitza gehiago egin dezala, eta horrek mesede egin diezaguke. Adibidez, jaien ondorengo lehen aste hau, normalean ahula izaten dena, nahiko ondo joan da”.

Sarrera hau Turismo kategorietan argitaratu da eta , , , , , etiketarekin. Gorde permalinka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude