Agindu honen helburua da: Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialetarako laguntzen deialdia egitea, 2016. urtean. Laguntza horiek azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuan ezarritakoak dira (Elkarteak Programa).
Zazpiehun eta berrogeita hamabost mila hirurehun eta hirurogeita hamabi euro (755.372,00) erabiliko dira guztira horretarako, 2016. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritako aurrekontu-kredituaren arabera. Honela banatuko da diru-kopuru hori:
– Nekazaritza-sektorerako: laurehun eta hirurogeita hamabost mila (475.000) euro.
– Elikaduraren sektorerako: ehun mila (100.000) euro.
– Arrantza-sektorerako: ehun eta laurogei mila hirurehun eta hirurogeita hamabi euro (180.372).
2.– Sektore bakoitzerako emango diren diru-laguntzen zenbateko osoa ez da izango artikulu honetan finkatutako diru-kopurutik gorakoa, edo, indarrean dagoen legeriari jarraituz, kredituen arteko loturarik edo aurrekontu-aldaketarik badago, lehengoa eguneratuta sortutako diru-kopurutik gorakoa. Egoera hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko zerbitzu-zuzendariaren ebazpen baten bidez, diru-laguntzak esleitu baino lehen.
Bigarrena.– 1.– Pertsona onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, jarraian sektoreka adieraziko diren balorazio-ehuneko metakorrak aplikatuko zaizkio onartutako gastuaren zenbatekoari, aurrez aipatutako dekretuko 5. artikuluan finkatutako mugen barruan betiere:
Elikaduraren sektorea:
a) Lurralde historikoetako zenbait elkarte batuta sortu berri den elkartea edo federazioa (% 10eraino).
b) Erakunde eskatzaileak defendatzen dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia (% 10eraino).
c) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila (% 20raino).
d) Elkarteak jarduteko hartzen duen lurraldearen eremua (% 20raino).
e) Azoka profesionaletan duen parte-hartzea (% 10eraino).
f) Emakumeen ehunekoa zuzendaritza-organoetan (% 15eraino).
g) Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzea, elkarte edo federazioaren barne-komunikazioetan zein kanpokoetan (% 15eraino).
Nekazaritza-sektorea:
a) Erakunde eskatzaileak defendatzen dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia (% 25eraino).
b) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila (% 20raino).
c) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak dagokion sektorea modernizatzeko eta hobetzeko sustatzen dituen jarduera eta ekimenetan erakundeak izan duen lankidetza-maila (% 10eraino).
d) Elkarteak jarduteko hartzen duen lurraldearen eremua (% 10eraino).
e) Aurkeztutako proiektuen interes teknikoa eta zientifikoa, bai eta beren emaitzek arloaren hobekuntzari, garapenari eta modernizazioari ekar diezazkieketen abantailak ere (% 20raino).
f) Zuzendaritza-organoetan dagoen emakume-ehunekoa. (% 10eraino).
g) Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzea, elkarte edo federazioaren barne-komunikazioetan zein kanpokoetan (% 5eraino).
Arrantza-sektorea:
a) Lurralde historikoetako zenbait elkarte batuta sortu berri den elkartea edo federazioa (% 20raino).
b) Erakunde eskatzaileak defendatzen dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia (% 15eraino).
c) Erakundeak sektore bakoitzean garatu eta/edo sustatzen dituen jardueren garrantzia (% 15eraino).
d) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila (% 15eraino).
e) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak dagokion sektorea modernizatzeko eta hobetzeko sustatzen dituen jarduera eta ekimenetan erakundeak izan duen lankidetza-maila (% 15eraino).
f) Ekoizpenaren garrantzia, lehen sektorearen barruan (% 10eraino).
g) Elkartea osatzen duten ekoizle edo egileen kopurua (% 10eraino).