Zabalik da IKT Euskadi Sarien deialdia proiektu berritzaileenentzat

Sariak TelekoGaua topaketan banatuko dira, datorren maiatzaren 26an.

Euskadiko Telekomunikazio Ingeniarien Elkargoak –COITPV- eta Euskadiko Telekomunikazio Ingeniarien Elkarteak –AITPV/EHTIE- berriro antolatu dute aurten IKT Euskadi sariketa. Bi urterik behin antolatzen den sariketa honen bidez aitortza egiten zaie telekomunikazioen eta Informazio Gizartearen garapenean ekarpen handienak egin dituzten enpresa eta pertsonei.

VI.edizio honetan, bost kategoriatako sariak banatuko dira: IKT Pertsonaia, IKT Enpresa, Berrikuntza, IKT Aplikatua (ingurumen edo gizarte garapeneko proiektu esanguratsuentzat) eta Junior Enpresa (4 urte baino gutxiagoko enpresei zuzendua). Hautagaitzak aurkezteko epea maiatzaren 13an amaituko da, eta hauek dira proposamenak egin ditzaketenak: AITPV/EHTIE eta COITPV erakundeetako zuzendaritzak, Elkarteko nahiz Elkargoko gutxienez hiru ingeniarik, edota TelekoGaua-La Noche de las TIC ekitaldian parte hartzen duten erakundeek.

Sari-banaketa ekitaldia TelekoGaua topaketan egingo da, datorren maiatzaren 26an IKTei buruz egingo den jardunaldian, Bilboko Iberdrola Dorrean. COITPV eta AITPV/EHTIE erakundeek elkarrekin bultzatu duten ekitaldi hori sektoreko profesional guztiei zuzentzen zaie, eta egitarau zabala izango du: jardunaldi teknikoa goizez, eta telekomunikazioen munduko joera garrantzitsuenei buruzko solasaldiak eta hitzaldiak.

TelekoGaua-TelekoDay ekitaldiaren aurtengo topaketak GreenTIC delakoak eta 5G sareen belaunaldi berria izango ditu ardatz. Oraindik ez da argitaratu behin betiko egitaraua, baina dagoeneko baieztatu dira hitzaldi garrantzitsuak bi arlo horietan: Ericsson enpresako arduradunek hizpide izango dituzte 5G sareak eta Gauzen Internet edo Big Data teknologientzat dituzten abantailak; GreenTIC-en arloan, berriz, Daniela Torres aditua eta ITUko aholkularia izango da hizlari. Euskal enpresa eta unibertsitateek ere parte hartuko dute jardunaldian, eta beren kasu arrakastatsuak partekatuko dituzte bertaratuekin.

2014an egin zen IKT Euskadi sarien azken edizioa, zeinetan GAIA Klusterra, Amesten, WOP Engineering eta Domoalert izan baitziren garaile. 2016ko sarietarako hautagaitzak Euskadiko Telekomunikazio Ingeniarien Elkargo Ofizialera igorri behar dira.

– See more at: http://www.spri.eus/eu/blog/zabalik-da-ikt-euskadi-sarien-deialdia-proiektu-berritzaileenentzat#sthash.fkXbwcB0.dpuf

EUSKAL enpresa garatzeko agentzia

Ez dago iruzkinik

Utzi zure iruzkina

Follow by Email
RSS