Bidasoa bizirik-ek, Iñigo Lavadorekin batera, programa bat sortu du online formatuan, sukaldean ari diren bitartean eskualdeko ekintzaile ezberdinak ezagutaratzeko

Bidasoa bizirik-ek, Iñigo Lavadorekin batera, programa bat sortu du online formatuan, sukaldean ari diren bitartean eskualdeko ekintzaile ezberdinak ezagutaratzeko

  •  Formatu dinamiko eta freskoarekin, Iñigo Lavadok eta Ramón Aramburuk pertsona ekintzaileekin batera kozinatuko dute euren proiektuari buruz hitz egiten duten bitartean.
  • Programa bakoitzak 30 minutuko iraupena izango du, etenik gabe, eta uztailaren 17tik aurrera emango dira Bidasoa bizirik eta Hondarribia-Irun Turismoa webguneetan eta sare sozialetan.

Irun, 2020ko uztailaren 10a.- Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoaren bitartez, Iñigo Lavado sukaldariarekin batera, formatu berri eta dinamikoarekin lau saio grabatzeko ekimena jarri dute abian.

30 minutuko iraupena izango duen saio bakoitzean Ramon Aramburu eskualdeko ekintzailea izango du lagun sukaldariak. Elkarrekin, Irungo edo Hondarribiko ekintzaile bat elkarrizketatuko dute, sukaldean ari diren bitartean. Hain zuzen ere, Alameda jatetxeko Gorka Txapartegik, Oihanalde baserriko Arantxa Arruabarrenak, HS2 Surf Eskolako Iñaki Navascuesek eta Dibulitoon ikus-entzunezko ekoiztetxearen sortzailea den Ricardo Ramonek hartuko dute parte. Horrela, errezeta bat prestatzen duten bitartean, Iñigok eta Ramonek proiektu ekintzaileari buruz hitz egingo dute gonbidatuarekin.

“Ilusio handia egiten didan ekimena da”, esan du Iñigo Lavadok. “Konfinamenduan zehar zuzeneko bideo batzuk egin ditut sare sozialen bidez, batzuk kirolzaleei zuzenduta eta beste batzuk ostalaritzan lan egiten dutenei. Arrakasta handia izan zuten, eta, horren ondorioz, Bidasoako eskualdeari balioa emateko moduari bueltak ematen hasi nintzen; izan ere, hemen kontatzeko gauza asko duten pertsona ekintzaile asko daude, baina agian ez dute hainbeste aukera hedabideetan ateratzeko. Horrela sortu zen programa freskoak, dinamikoak eta entretenigarriak garatzeko ideia “, gaineratu du.

Ildo horretan, Ricardo Ramonek, Dibulitoon haurrentzako filmen eta telesailen ekoiztetxearen sortzaileak, azaldu duenez, Irunen dagoen bere enpresan “‘Elkano. Lehen mundu bira’ bezalako film oso ezagunak ekoitzi ditugu. Baina jende askok ez daki. Enpresa handientzako publizitate-bideoak ere egin ditugu, baina hemengoek ez gaituzte ia ezagutzen. Horregatik iruditzen zaigu programa gure inguruan ezagutarazteko ekimen bikaina dela. Gainera, Iñigo Lavadorekin sukaldean aritzea oso dibertigarria izango da “.

Formatu dinamikoa eta freskoa

Testuinguru honetan, sukaldariak saio bakoitzean erakutsiko dituen sukaldaritza eta errezetak “eskualdea handitzen duten ekintzaile horiek hobeto ezagutzeko aitzakia dira. Programa dinamizatzen lagunduko didan Ramon Aranbururekin batera, bere proiektuei eta enpresei buruz hitz egingo dugu haiekin “, esan du Lavadok.

Bestalde, Miguel Ángel Páez Bidasoako presidenteak azaldu duenez, ekimen hau “Irungo eta Hondarribiko ekintzaileei eta enpresa txikiei beste modu batean ikusarazteko sortu da, formatu dibertigarri eta dinamiko batekin”.

Maria Serrano Bidasoako presidenteordeak gaineratu duenez, “Sukaldaritza jende askori interesatzen zaion arloa da, eta horregatik uste dugu programek onarpen handia izango dutela, errezeta berriak ezagutzeko aukera eskaintzen baitute, eta, aldi berean, gure inguruko proiektuak deskubrituko ditugu, agian pertsona askorentzat ezezagunak zirenak”.

Saioak Ficobako Inigo Lavado jatetxean grabatuko dira, eta uztailaren 17tik aurrera hamabostero emango dira. Bidasoa bizirik-en webgunean (www.bidasoa-activa.com) eta Hondarribia-Irun Turismoarenean (www.bidasoaturismo.com) ikusi ahal izango dira, eta Bidasoa bizirik-eko eta Visit Irun-Hondarribiko sare sozialetan ere zabalduko dira.

Ez dago iruzkinik

Utzi zure iruzkina

Follow by Email
RSS