‘Braderie’ bat Hondarribian

Udalak eta Amuitz Merkatarien Elkarteak kale azoka edo ‘Braderie’ bat antolatu dute martxoaren 19tik 21era

Amuitz Merkatarien Elkarteak eta Hondarribiko Udalak indarrak batu dituzte berriz ere herriko merkataritza bultzatzeko. Horrela, eta eguraldiaren baitan, hilaren 19, 20 eta 21eanBraderie‘ edo kale azoka bat egingo da, non hondarribiar hogeita bost establezimenduk euren produktuak kalera aterako dituzten. Hasiera batean, hitzordua asteburu honetarako zegoen aurreikusita, baina hurrengo asteburura arte atzeratu da.

Udala merkatariekin bildu zen duela egun batzuk, datozen hilabeteetarako ekimenak prestatzeko. “Braderie-rena Amuitz Merkatarien Elkarteak proposatu digun lehena da, neguko denboraldia amaitutzat emateko modu bat baita”, adierazi du Maria Serrano Merkataritza eta Sustapen Ekonomikoko zinegotziak.

“Jarduera asko egin ezin diren garai batean gaude, eta, beraz, hau oso positiboa dela uste dugu. Gure dendak kalera ateratzeko modu bat da. Udaletik ahal den neurrian girotzen saiatuko gara, musika pixka batekin, adibidez”.

Une zaila sektorearentzat

Amuitz Merkatarien Elkartetik, Sonia Hercek “merkatariak zein gaizki pasatzen ari diren” gogoratu du. “Ekimen hau interesgarria iruditzen zaigu tokiko merkataritza sustatzeko, mota horretako zenbat eta gehiago hobeto egin. Beste herri batzuetan honelako merkatuak egin dira eta oso ondo funtzionatu duela esan digute”.

“Laguntza oro gutxi da sektore bat bultzatzeko, ostalaritzakoa bezala, osasun-krisiaren zurruntasuna jasaten ari dena. Dena lotuta dago. Tabernak itxita daudenean eta udalerrien arteko mugikortasuna mugatuta dagoenean, jende gutxi ibiltzen da kalean eta guztiengan du eragina”.

Herceren hitzetan, “turismoak establezimenduetan duen eragina ere ezin dugu ahaztu. Bertako jendearekin bakarrik oso zaila da aurrera egitea. Horrelako ekimenei gehitzen badiegu orain pixka bat gehiago mugitu gaitezkeela, eta Autonomia Erkidegotik edonor etor daitekeela, uste dugu positiboa izango dela herriko saltokientzat”.

Ez dago iruzkinik

Utzi zure iruzkina

Follow by Email
RSS