KREA Bidasoaren hamabigarren edizioa apirilaren 29an egingo da, on line formatuan

  • Irun Factoryn egingo dira azokako ekimenak eta zuzenean jarraitu ahal izango dira Bidasoa bizirik-eko Youtube kanalaren bidez.
  • Programa osoa eta izena emateko orria www.bidasoa-activa.com webgunean daude.

Irun, 2021eko apirilak 14.- Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, KREA Bidasoaren hamabigarren edizioa antolatu dute apirilaren 29rako. Pandemia dela eta, on line egingo da. Zehazki, ekimen guztiak Irun Factoryn egingo dira, segurtasun-neurriak betez, eta streaming bidez jarraitu ahal izango dira Bidasoa bizirik-eko YouTube kanalaren bidez.

KREA Bidasoa ekintzaileek, enpresek eta beste erakunde publiko zein pribatuek harremanak egiteko, negozio-aukerak identifikatzeko, ezagutzak zabaltzeko eta beste esperientzia eta joera berriak ezagutzeko jardunaldi bat da.

“Iaz ezin izan genuen ekitaldi hau egin, baina aurten ez dugu aukera galdu nahi izan. Beraz, egungo egoerara egokitu gara berriro ere, gure eskualdeko pertsona ekintzaileei laguntzen jarraitu ahal izateko eta haiei topagune bat eskaintzeko, nahiz eta aurten ezberdina izan, beren proiektuetarako harreman interesgarriak ezar ditzaten. Halaber, gure lurraldean dauden baliabideak, talentua eta berrikuntza balioestea da KREAren beste helburu bat”, azaldu du Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak.

Bestalde, agentziako presidenteorde María Serranok dioenez, “aurten inoiz baino gehiago KREA teknologia eta joera berriak zein garai berrietara egokitzen diren negozioak ezagutzeko topagunea izango da. Enpresek eta ekintzaileek oso tailer interesgarriak izango dituzte beren proiektuek aro berri honetan etorkizuna izan dezaten”.

 Askotariko ekimenak

Apirilaren 29an (osteguna) goizean, hitzaldiak, kasu praktikoen ikustaldiak eta zuzeneko elkarrizketak egingo dira. ‘Bask Tree Boys’ antzerki-taldeak girotuko du ekitaldia, jardunaldiaren zati desberdinen artean hainbat sketch eskainiko dituztelako.

“Lehenengo orduan, etorkizuneko joerak eta negozioak ezagutu eta gure eskualdeko enpresen kasu arrakastatsuen bideo txikiak ikusiko ditugu. Parte-hartzaileen negozioetan berrikuntzak egiteko aukeraz ere hitz egingo da, baita horretarako dauden laguntzez ere. Gainera, produktu berritzaileak aurkeztuko dira horien sortzaileei zuzenean egindako elkarrizketen bidez, eta Seulekin konektatuko gara sortzen ari diren teknologia berriak ezagutzeko”, adierazi du Páezek.

Halaber, urtero bezala, KREA PechaKucha aurkezpenekin amaituko da. Inguruko enpresa edo ekintzaileek beren proiektu-ideiak, enpresa berriak, egin dituzten lanak edo izan duten ibilbidea jendaurrean aurkezteko aukera izango dute.

Programa osoa eta izena emateko formularioa www.bidasoa-activa.com helbidean eskura daitezke.

 

 

Ez dago iruzkinik

Utzi zure iruzkina

Follow by Email
RSS