Bidasoako Enpleguaren Astea XXX. ediziora iritsi da

Hainbat sektoretako 40 enpresa inguruk 300 lanpostu baino gehiago eskainiko dituzte


Irunen, 2023ko azaroaren 2a.- Datorren azaroaren 15ean, profil profesional berrien bila dabiltzan eskualdeko eta mugaz gaindiko enpresek eta lana bilatzen ari diren pertsonek hitzordua dute Ficoban.  Enpleguaren Astea Irun eta Hondarribiko Udalek sustatzen duten ekimena da, Bidasoa bizirik-en bitartez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen duena, BidaLAN 2022 gizarteratze-programaren bidez. Helburu nagusia enplegua sortzea eta tokiko enpresek eskatzen duten talenturako sarbidea erraztea da.

Hainbat sektoretako 40 enpresa inguruk parte hartzen dutelarik, Enpleguaren Asteak aukera paregabea eskainiko du interesdunek beren curriculumak aurkezteko eta enpresa erreklutatzaileekin harreman zuzenak ezartzeko. Lan eskaintzak www.bidasoa-activa.com webgunean argitaratu ziren urriaren 31ean eta azokaren egunera arte egongo dira argitaratuta. Currikuluma entregatzeko eta enpresekiko harremanak egiteko eguna azarparen 15ean, asteazkenean, izango da FICOBAn, 09:00etatik 13:30era. Ez da beharrezkoa izango aurretik enplegu-eskaintzetan izena ematea eta sarbidea librea izango da. Interesdunek beren curriculuma pertsonalki entregatu eta elkarrizketa bat egiteko aukera ere izango dute enpresekin beren espazio erreserbatuetan.

Funtsezko ekimena

Miguel Ángel Paez Bidasoa bizirik-eko presidentearen hitzetan: “Enplegu Astearen 30 edizioetara iristeak argi uzten du ekimen honek eskualdeko enpresa- eta lan-ehunean duen garrantzia eta benetako eragina. Funtsezko tresna bihurtu da garapen ekonomikoa eta soziala bultzatzeko eta gure inguruan bizi diren pertsonentzat enplegua sortzeko etengabeko erronkan aurrera egiteko. Gero eta enpresa gehiago eta sektore gehiagokoak parte hartzen dute ekitaldi honetan, beren proiektuak bultzatzeko behar dituzten profil profesionalak eta talentua aurkitzeko helburua dutelarik”.

Bere aldetik, Bidasoa bizirik-eko lehendakariordea den Estitxu Urtizbereak iritziz “Lana bilatzea eta lan-ekarrizketa bati aurre egitea ez da prozesu erraza izaten, egoera arrotzak iruditzen baizaizkigu. Era honetako ekimenak, lana bilatzen duten pertsonak eta langileak bilatzen dituzten enpresak elkar ezagutzeko balio dute, guztiontzat eremu erosoagoak sortuz eta emaitza hobeak lortuz”.

Enpleguaren Astean zehar, Euskadiko, Nafarroako eta Frantziako Enplegu Zerbitzu Publikoak bertan izango dira, beraien eskaintzak eta horiek eskuratzeko baldintzen berri emateko bertaratzen direnei. Gainera, Bidez-Bide Elkarteak atzerriko tituluak homologatzeko prozesuari buruzko informazioa eskainiko du, eta Adiskidetuak Elkarteak atzerritartasunari buruzko aholkularitza emango du, bai eta prestakuntza bidezko sustraitze-prozesu berriari buruzko informazioa ere.

Beste datu batzuk

Zazpi proiektu ekintzailek parte hartuko dute “Ideiatik negoziora” prestakuntza-programan

BIC Gipuzkoarekin lankidetzan abian jarritako Bidasoa Gunea ekimenaren barruan dago programa

Irunen, 2023ko urriaren 24an.- "Ideiatik negoziora" prestakuntza-programak zortzi saio ditu, eta horietan eskualdeko ekimen ekintzaileek prestakuntza espezializatua jasoko dute, beren proiektuak hasierako faseetatik bultzatzeko. Lehen edizio honetan hainbat sektoretako zazpi enpresa ekintzailek parte hartuko dute.

Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa bizirik-en bitartez eta BIC Gipuzkoaren laguntzarekin, Bidasoa Gunea jarri dute abian aurten, ekintzaileei laguntzeko eta Bidasoa-Txingudi eskualdean enpresa berrien sorrera eta enpresa barruko ekintzailetza bultzatzeko.

Testuinguru horretan, "Ideiatik negoziora" programak prestakuntza eta aholkularitza espezializatua emango die parte-hartzaileei gai hauen inguruan: merkataritza-ikerketa, marketin-estrategia, negozio-ereduaren diseinua, errentagarritasuna eta finantza-kontrola edo industria-jabetza eta patenteak.

Miguel Ángel Páez Bidasoa Activako presidentearen ustez, "ekintzaileei benetako beharren neurriko metodologia eta prestakuntza eskaintzea funtsezko lana da gure eskualdean negozio-lerro berriak eta enpresa berriak sor daitezen sustatzeko. Gure produkzio-sarearen lehiakortasuna bultzatu behar dugu, eskualdeko ongizate ekonomiko eta sozialean aurrera egiteko. Ekimen hau eta parte hartzen duten enpresak etorkizunari begira dagoen berrikuntzaren adibide garbia dira”.

Estitxu Urtizberea Bidasoa bizirik-eko lehendakariordearen iritziz, “ekintzailetasunean edo norberaren proiektuak aurrera eramateko bidean ohiko izaten da txikia edo bakarrik sentitzea edota arlo administratiboan galduta egotea.  Izan ere azken hamarkadan “ekitea” oso konplexua bihurtu da eta lehen baina arlo eta aldagai gehiago hartu behar dira kontuan. Bide honetan lagun izatea garrantzitsua da eta antzeko egoeran daudenen artean sareak sortzea ere bai”.

Hauek dira heziketa-ziklo honetan parte hartuko duten proiektuak: Recharge Recycling to Project (trenetako material gurpildunaren mantentze-lanak), Wave Back Project (moda iraunkorra), Be On Sport! (Kiroleko eta Jarduera Fisikoko Sare Soziala), Cream Prime - Cram Grip 4.0 (Lixa ez-urratzailea Skate Longentzat), Zuregain (partikularrentzako osasun-laguntza), Soyatenea (Optiketarako bot adimenduna) eta energia kudeatzaile berriztagarriak.

Guztiek oso positibotzat jo dute ekimena, merkatuaren benetako erronken aurrean kokatzen laguntzen dielako. Iñaki Alcanok, Soyatenea ekimenaren sustatzaileak, prestakuntza-saioen kalitatea nabarmendu du, "errealitatetik oso hurbil baitaude, eta elkarreragin handia baitute, eta, gainera, bertaratuen artean proiektuak ezagutzea errazten baitu, laguntza- eta babes-aukera interesgarriak eskaintzen dituelako".

Follow by Email
RSS