Garraio sektorean teknologia berriak ezartzeko laguntza-programa

Teknologian egiten ari diren aurrerabideei esker, posible da kalitate eta segurtasun maila handitzea, merkatuan kudeaketa, lokalizazio, kontrol, komunikazio eta segurtasuneko puntako teknologia eskuratu baitaiteke, ibilgailu-floten kudeaketa eta segurtasuna eraginkorragoa egiteko aukera ematen dutenak. Aurtengo deialdian gainera, diruz laguntzekoak diren jarduerak zabaldu egin dira, eta beraz, eskola-umeak eta adin txikikoak errepidez garraiatzeko linea erregular erabilpen berezikoetan aritzen diren ibilgailuetarako segurtasun-uhalak eta bestelako euskarri homologatuak erosi eta jartzeko ere eskatu ahal izango dira laguntzak.

Laguntza-programa Euskadiko Garraio Iraunkorraren Gidaplanean jasotako helburu, estrategia eta ekintza-lerroen ondorio da, garraioaren modernizazioa bultzatzen baitu; eta, hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoan autobusetan egiten den bidaiarien garraio publikoa eta salgaien garraio publikoa, erabiltzaileei eskaintzen zaien kalitatea areagotuz, modernizatzeko helburuaren barruan sartzen da. Era berean, sektoreko kudeaketa- eta merkaturatze-sistemak hobetu nahi dira, zerbitzua ematerakoan gardenagoa izateko.

Horiek horrela, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari iruditzen zaio laguntza-programa bat ezarri behar dela, teknologia berri horiek ezartzea garraiolarientzat hain garesti gerta ez dadin.

Herritarrei Administrazioarekin dituzten harremanak errazteko, eta laguntzen barne-kudeaketa eraginkorrago egiteko, prozedurako izapideak telematikoki egiteko aukera ematen duen aplikazio bat egin da, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz (2012ko martxoaren 9ko EHAA, 50. zenbakia). Aginduan izapidetze telematiko horren xehetasun guztiak jaso dira.

Laguntza hauek Europako Erkidegoa Eratzeko Itunaren 87. eta 88. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruz Kontseiluak 2006ko abenduaren 15ean onartutako 1998/2006 (EE) Erregelamenduan (EEAO L 379 2006-12-28) eta ondorengo aldaketetan ezarritakoaren mende daude.

Ondorioz, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 24ko 607/2009 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren) VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ordaindu beharreko laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan izanik, honako hau

EBAzten DUT:

1. artikulua.- Xedea.

1.- Agindu honen xedea da 2012an egin beharreko ekintza hauetarako laguntzak nola eman arautzea:

a) Kudeaketarako, lokalizaziorako eta kontrolerako (GPS edo antzekoak) ekipamendu eta elementuek osaturiko sistemak kontrol-zentro batekin lotuta jartzeko, dela ibilgailu astunetan egiten den salgaien garraio publikorako, dela gidaria barne dela bederatzi jarleku baino gehiagoko ibilgailuetan egiten den bidaiarien garraiorako.

b) Salgaien garraio publikoko ibilgailu astunetan eta, gidaria barne dela, bidaiarientzat bederatzi jarleku baino gehiago dituztenetan, artaziarena ez egiteko sistemak, istripuak erregistratzekoak edo antzeko sistemak jartzeko.

c) Eskola-umeak eta adin txikikoak errepidez garraiatzeko linea erregular erabilpen berezikoetan aritzen diren ibilgailuetarako segurtasun-uhalak eta bestelako euskarri homologatuak erosi eta jartzeko.

2.- Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko hirurehun mila (300.000) euroko diru kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetatik hartuta.

Guztirako diru-zenbateko hori handitu ahal izango da, betiere diru-laguntzak esleitzeko prozedura ebatzi aurretik, eskatutako diru-laguntzen kopurua osoa kontuan hartuta eta Etxebizitza eta Gizarte Segurantza Sailak beste laguntza-programa batzuk gauzatu ostean agortu barik geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera, aurrekontuetan aldaketak egitea onartzen den ala ez ikusita. Halakorik gertatzen bada, horren berri emango da, Garraioetako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

2. artikulua.- Onuradunak.

Diru-laguntza jasotzeko, pertsona fisiko nahiz juridikoek, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

b) Salgaien eta bidaiarien errepideko garraioaren, trafikoaren edo mugimenduaren sektorean lan egitea.

c) Aginduaren 1.1.a) artikuluan aurreikusitako kasurako, pertsona fisikoek, sozietateek eta elkarlaneko kooperatibek bere izenean gutxienez hiru kopia dituen baimen bat behintzat izatea, ibilgailu astunetan salgaien garraio publikoan aritzeko edo gidaria barne dela bederatzi jarleku baino gehiagoko ibilgailuetan bidaiariak garraiatzeko. Merkaturatze-sozietateek edo garraiolari-kooperatibek, beren bazkideek edo kooperatibistek aipatutakoaren moduko hiru baimen gutxienez izan beharko dituzte.

d) Aginduaren 1.1.b) artikuluan aurreikusitako kasurako, salgaien garraio publikoan ibilgailu astunekin edo bidaiarienean, gidaria barne dela bederatzi jarleku baino gehiago dituzten ibilgailuekin, jarduteko gutxienez baimen bat izan beharko dute.

e) Aginduaren 1.1.c) artikuluan aurreikusitako kasurako, eskola-umeen edo adin txikikoen erabilpen bereziko garraio publiko erregularrean jarduteko gutxienez baimen bat izatea, eskola-umeen eta adin txikikoen garraiorako segurtasun-baldintzei buruzko apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako eran.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea.

g) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Seigarren Azken Xedapenenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).

3. artikulua.- Laguntzen izapidetze elektronikoa.

1.- Izapidetze elektronikoa Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak arautzen du.

2.- Nahi dutenek baliabide elektronikoen bidez egin ahal izango dituzte eskaera, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak.

Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko zehaztasunak euskadi.net-eko atal honetan jarriko dira: http://www.euskadi.net/r33-2288/es/contenidos/ayuda_subvencion/implantacio n_2012/es_tecnolog/abandono_2010.html

Eskabidea egiteko eta agiriak aurkezteko bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeak ez du esan nahi, prozeduraren hurrengo izapideetan horiek erabili behar direnik; aitzitik, edozein momentutan aldatu ahal izango da horien erabilera.

4. artikulua.- Eskabideak aurkezteko epea eta lekua, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.- Eskabideak, eranskinean datorren eskabide-orria behar bezala beteta, paperean aurkeztu nahi izanez gero, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuan (Zuzenean zerbitzuan) entregatu ahal izango dira edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Zuzendaritzari helaraziko zaizkio. Eskabidearen eredua agindu honen I. eranskinean dator, eta garraioen arloan eskumena duen organoak euskadi.neten barruan duen egoitza elektronikoak ere eskuratu ahal izango da.

Era berean, baliabide elektronikoak ere erabili ahal izango dira eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko. Informazioa, prozedura eta eskakizunak egiaztatzeko era garraioen arloan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan jarriko dira eskura, 3. artikuluan izapidetze elektronikorako aurreikusitako zehaztapenetan garatutako prozedura eta jarduketei jarraituz. Eskabidearen ondorengo izapideak, baliabide elektronikoa erabiltzekotan, www.euskadi.net/nirekudeaketak webgunearen bidez egingo dira.

2.- Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

3.- Aginduan araututako laguntzak eskuratzeko, agindu honen eranskinean ageri den inprimakia ez ezik, dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:

a) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta identifikazio fiskaleko zenbakia edo IFK.

b) Eskatzailea pertsona juridikoa bada, ahalordea ematen dion notarioaren agiria aurkeztu beharko du haren ordezkariak.

c) Aurrekontua edo faktura, proformakoa edo behin betikoa.

d) Proiektuaren azalpen-memoria.

e) Exijitutako baimen kopuruaren titular dela egiaztatzea.

f) Hirugarrenen alta edo aldaketa fitxa, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 20. artikuluan deskribatutako ereduaren arabera, baina eskatzaile hauek bakarrik aurkeztu beharko dute: aurreneko aldiz aurkezten direnek edo beren banku-datuetan aldaketak dituztenek.

g) Behar izanez gero, ekonomikoki eta ingurumen aldetik eraginkorra eta jasangarriak diren ibilgailuen kudeaketari buruzko egiaztagiria.

4.- Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.- Eskabideak aurkeztearekin batera, eskatzaileak berariaz onartu ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak dokumentazioaren zati bat eskuratzeko edo egiaztatzeko aukera, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.

6.- Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz.

7.- Ondoren zehaztuko diren betebeharrak egiaztatzeko aski izango da erantzukizunpeko adierazpen eskabidearekin bat aurkeztea; eredua eskabidearekin batera dator:

a) Helburu bererako urte berean eta aurreko bi urteetan, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eskatu edo jaso badu, nork eman dion eta zenbat eman dion zehaztuko duen zinpeko aitorpena.

b) Ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den itzultzeko edo zigortzeko ezein prozeduratan sartuta.

c) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik jaso ez duela eta horretarako legezko inolako debekurik ez duela agertzen dituena (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetan Seigarrenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).

Erantzukizunpeko adierazpen batekin edo barnean hartuta doan edozein daturen, adierazpenen edo dokumenturen zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez-egiteak, funtsezkoa bada, prozedurarekin ezin jarraitzea ekarriko du gertakari horiek jakiten diren unetik, ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

8.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko beharrezko jotzen duen beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du.

5. artikulua.- Kudeaketa-organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzaren ardura izango da Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

6. artikulua.- Agirien gaineko okerrak zuzentzea.

Eskatzaileak aurkezturiko agiriek Agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, urtarrilaren 13ko 4/1995 Legearen 42. artikuluak ezarritako eran (Lege horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen).

7. artikulua.- Zenbatekoa.

1.- Agindu honetan araututako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira:

a) Agindu honen 1.a artikuluan aurreikusitako kasuetarako, kostu orokorraren % 25, eta kopuru hori % 30era iritsiko da, eskatzaileak ekonomikoki eta ingurumen aldetik eraginkorra eta jasangarriak diren ibilgailuen kudeaketari buruzko egiaztagiria badu. Nolanahi ere, diru-laguntza gehienez ere 15.000 eurokoa izango da, onuradun bakoitzeko.

b) Agindu honen 1.b artikuluan aurreikusitako kasuetarako, kostu orokorraren % 25, eta kopuru hori % 30era iritsiko da, eskatzaileak ekonomikoki eta ingurumen aldetik eraginkorra eta jasangarriak diren ibilgailuen kudeaketari buruzko egiaztagiria badu. Nolanahi ere, diru-laguntza gehienez ere 20.000 eurokoa izango da, onuradun bakoitzeko.

c) Agindu honen 1.c artikuluan aurreikusitako kasuetarako, hogeita hamar (30) euro, ekipaturiko jarleku bakoitzeko. Kopuru hori hogeita hamabost (35) eurokoa izango da, eskatzaileak ekonomikoki eta ingurumen aldetik eraginkorra eta jasangarriak diren ibilgailuen kudeaketari buruzko egiaztagiria badu.

2.- Agindu honen 1.2 artikuluan ezarritako diru kopurua aski ez bada aurkeztutako eskabide guztiei artikulu honen 1. puntuan jasotako gehieneko laguntza ordaintzeko, ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da dirua. Banaketa egiteko, bakoitzari eman beharko litzaiokeenak guztiei eman beharrekoarekiko izango lukeen proportzio berari eutsiko zaio.

8. artikulua.- Bateragarritasuna.

Agindu honen arabera emandako diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako beste pertsona fisiko edota juridikoek emandako beste batzuekin, baina guztira jasotako diru kopuruak ezin izango du gainditu diruz laguntzekoa den jardueraren kostua. Nolanahi ere, onuradun bakoitzak ezin izango du hiru urteko epean 100.000 euro baino gehiago jaso de minimis laguntzetan.

Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntza batzuk lortzen badira, eta horren ondorioz diru-laguntzek proiektuaren kostua gainditzen badute, Agindu honi esker emandako diru-laguntza gutxitu egingo da, ezarritakoa betetzeko moduan.

9. artikulua.- Diru-laguntza eman, jakinarazi eta argitaratzea.

1.- Diru-laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraioetako zuzendariaren ebazpenaren bidez emango dira. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio bereko Garraio eta Herri Lanetako sailburuordeari.

Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluan ezarritako modua erabiliz (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen), eta sei hilabeteko epean, agindu honek ondorioak izaten dituen egunetik hasita. Ebazpenean horrek zehaztuko du diru-laguntza ematen den ala ukatu egin den; aldekoa bada, onuraduna zein den eta zenbat eman zaion azalduko da, eta kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.

2.- Aurreko atalean ezarritako epean ez bada diru-laguntza emateko berariazko ebazpenik eman, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute eskabidea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondoreetarako.

3.- Diru-laguntza guztiak nori eman erabakitakoan, zeini eta zenbat eman behar zaien argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

4.- Agindu honetan aurreikusten ez diren kontuetan, diru-laguntzak emateko prozedurarako urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua bete beharko dira.

10. artikulua.- Ordainketa.

Diru-laguntza jaso behar duen jarduketa burutu eta diru-laguntza jasotzeko eskubidea ematen duen gasturen bat faktura edo bestelako agiri bidez egiaztatutakoan ordainduko da dirua, dena batera. Nolanahi ere, eskabidearekin aurkeztu ez bada behintzat, behin betiko faktura 2012ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da.

11. artikulua.- Diru-laguntza jasotzen dutenen betebeharrak.

1.- Agindu honetan azaltzen diren diru-laguntzak eskuratzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte kasu guztietan:

a) Diru-laguntza eskuratzeko beharrezko diren eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote diru-laguntza eman behar duen Administrazioari.

b) Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek idatziz uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.

c) Diru-laguntza, eman zaion horretarako erabili beharko du.

d) Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzari.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.

2.- Artikulu honen 1.e) puntuan adierazitako organoen ahalmena gora-behera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak diru-laguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

12. artikulua.- Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen baditu batera edo-eta helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, diru-laguntza emateko agindua ere aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen jarraitzen badu.

13. artikulua.- Diru-laguntzak itzultzea.

Onuradunak Agindu honetan, diru-laguntza emateko Aginduan edo aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta diru-laguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Kopuru hori diru-sarrera publikotzat joko da legezko ondoreetarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Sailean, bi hilabeteko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailaren 19a.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Ez dago iruzkinik

Utzi zure iruzkina

Follow by Email
RSS