Bidasoa bizirik-en babesarekin sortu zen Kuttuna Haur Eskolak 10 urte bete ditu

Igande honetan, otsailak 25, azken 10 urteetan Kuttuna Haur Eskola osatu duten eta egun osatzen duten familien festa hartuko du FICOBA erakustazokako auditorio nagusiak. Ekitaldian, Oihulari Klown taldeak Trostan antzerki ikuskizun familiarra eskainiko du.

Kuttuna Haur Eskolari buruz

Haur zentro bat da Kuttuna Haur Eskola, 2008an sortua, eta Irungo Artia auzoko J.M.Iparragirre kalean egoitza duena. 10 urte hauetan zehar, 0 eta 3 urte arteko 450 neska-mutil baino gehiago eduki ditu. Bestalde, 250 neska-mutilek musika estimulazio goiztiarreko, ingeleseko edo shantala masajeetako tailerretan parte hartu izan dute. Gainera, 3-9 urte arteko 350 haurrek oporretako jardueretan eta udarako Udalekuan parte hartu dute.

2008an, enpresa sortu zen urtean, Bidasoa bizirik-en babesa jaso zuen, GERTU programaren bidez.

Bidasoa bizirik eta GERTU programa

Europea Equal ekimenaren baitako proiektua izan zen “Gertu”, eta Europako Diru Funtsarena zen diru ekarpenaren %50. Helburua zen Bizitzako Zerbitzuen sektoreko enpresen sorkuntza sustatzea eta profesionalizatzea (haurtzaroa, etxeetako zaintza, adinekoen eta mendekotasuna dutenen zaintza etab.). Bestalde, enplegu ezkutua murriztea eta emakumeen enplegua indartzea ere helburu zituen. Gainera, bizitza pertsonala, profesionala eta familiarra uztartzea bilatzen zuen, proiektuaren hedapena sustatuz, jarraitasuna eta iraunkortasuna bermatzeko.

36 emakumek jaso zuten aholkularitza GERTU programaren baitan, 28 enpresa proiektu aztertu ziren, 10 enpresa sortu (haurtzaroko 3, adinekoen 2, etxeko zaintzetako 4, eskola laguntzarako 1), eta 20 enplegu sortu ziren.

Lan guzti hori aurrera eraman ahal izateko ikerketa ezberdinak egin ziren, aukerak aztertzeko eta Irungo eta Hondarribiko beharrak ezagutzeko. Sentsibilizazio kanpainak burutu ziren, emakumeak GERTU proiektura hurbildu arazteko, ekitera animatzeko, eta enpresa baten kudeaketan formatzeko.

Beranduago, ideia bakoitzaren aholkularitza egin zen, proiektuen bideragarritasuna aztertuz. Gainera, ekintzailetzarako eta familia eta lana uztartzeko laguntzak eman ziren. Martxan jarritako enpresa proiektuak zabaltzeko babesa eman zen: liburuxkak eta kartelak, erreportajeak eta iragarkiak tokiko komunikabideetan (telebista, irratia eta prentsa).

Bidasoa bizirik-eko Autoenplegu departamentua

Bidasoa bizirik-eko Autoeplegu departamentuak proiektu baten lehen ideiatik enpresa sortzeko unera arteko aholkularitza eta babesa eskaintzen ditu. 1996 urteaz geroztik, 8.436 lagunek jaso dute arreta eta 5.645 proiektu berrik aholkularitza. 1.689 enpresa sortu dira guztira.

Gainera, 1200 parte hartzaile egon dira burututako 117 tailer ezberdinetan.

Ez dago iruzkinik

Utzi zure iruzkina

Follow by Email
RSS