180 lanpostu eskaini dira XXIII. Enpleguaren Astean

  • 400 lagun baino gehiago hurbildu dira Ficobara lan elkarrizketak egitera eta tailerretan parte hartzera.
  • Enpresen % 71k kontratatzea aurrez ikusten du..

Irungo eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa biziriken bidez, Enpleguaren Astearen XXIII. edizioa antolatu dute. Ekitaldi honen helburua da eskualdeko enpresei kontratazioak egiteko aukera ematea eta lan bila dabiltzanei lanpostu bat aurkitzeko aukera ematea.

Azkenik, 46 enpresak 98 lan eskaintza egin dituzte guztira 180 lanpostu betetzeko. Bertaratu diren Enplegu Zerbitzu Publikoek aurkeztu dituzten lan eskaintzak erantsi behar zaizkie horiei. Ficobako beheko solairuan jendearen emana etengabea izan da. Enpresek hantxe jaso dituzte curriculumak, dauzkaten lanpostu hutsak betetzeko, aldez aurretik hitzordua hartzeko beharrik izan gabe.

Enplegu horietako batzuetan eskaera egiteko, curriculumarekin Ficobara hurbildu eta enpresei eskura eman besterik ez zen egin behar.

Lehenbiziko solairuan, berriz, elkarrizketak egin zaizkie, aurrez hitzordua hartuta, www.elespazio.com webgunean argitaratutako eskaintzetakoren batean aurretik izena emana zuten pertsonei.

Miguel Angel Paezek, Bidasoa bizirikeko presidenteak, hauxe nabarmendu du “positiboa da XXIII. Enpleguaren Astearen balorazioa. Espero dugu elkarrizketa hauek lan kontratuetan formalizatu ahal izatea”.

Bestalde, Juan Mari Altunak, Bidasoa bizirikeko presidenteordeak, hauxe adierazi du “enplegu eskaintza ugari eskaini ditugu edizio honetan. Bidasoa bizirikek urte osoan zehar egiten duen lanari gehitu behar zaio hori”.

Banaketa, industria, administrazio-garraioa eta ostalaritza-zerbitzuak alorretan bildu dira eskari handiena izan duten profilak.

Tailerrak eta prestakuntza eskaintza

Jardunaldian hiru hitzaldi-tailer egin dira enpresei gordetako gunea osatzeko eta enplegu aukeren bila dabiltzan pertsonentzako intereseko gaiei buruz mintzatzeko eta gure eskualdean dauden lanbide heziketa aukeren informazioa eskaintzeko.

Oscar Perezek hitzaldi egoki eta interesgarria eman du positiboan nola komunikatu gaiari buruz, eta haren aholku txikiak bertaratutako pertsonentzat baliagarriak izan dira elkarrizketetan aurkezteko orduan.

Bestalde, Gurutz Aginagaldek, kirolari profesional izandakoak, Kirolgi Fundazioaren bidez, bere esperientzian eta bere bizipenetan oinarrituta eliteko kirolariek aldaketa egoeretan zein estrategia erabiltzen dituzten eta ikaskuntza horiek proiektu pertsonaletara eta lan proiektuetara nola eraman azaldu du.

Azkenik, Bidasoa Institutuak, Irungo La Sallek, Plaiaundi Institutuak eta Mendibil Prestakuntza Zentroak beren prestakuntza eskaintza azaldu diete interesdunei.

Ez dago iruzkinik

Utzi zure iruzkina

Follow by Email
RSS