Eva Campo Muller Saria

 Azken urteetan tokiko garapena sustatzeko beka bat eman du ECM elkarteak, baina aurten sariketara jauzia egitea erabaki dute. 3.000 euro jasoko ditu irabazleak.

Iturburua: Bidasoko Hitza

Eva Campo Muller Saria antolatu du lehenengoz ECM elkarteak, emakume irundarraren ibilbidea omentzeko asmoz. 2018an tokiko garapena sustatzeko beka antolatu zuen elkarteak, eta aurten sariketara jauzi egiteko hautua egin dute. Bada, sariketa irabazten duenak 3.000 euro jasoko ditu bere proiektua garatzeko. Hautagaitzak martxoaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dira, eta apirilaren 1ean emango dute irabazlearen berri.Sariaren helburu nagusia ibilbide pertsonal zein profesionalean Mullerrek «gorpuztu eta defendatu zituen bizitza filosofia, balioak eta konpromisoak bere egiten eta zabaltzen dituzten pertsonak, kolektiboak edo proiektuak publikoki aintzatetsi eta babestea» dela esan dute antolatzaileek.

«Evak bere bizi poza gure artean zabaldu zuen. Bere ingurunearekin zuen konpromisoa askotan erakutsi zuen, eta horren isla, pertsonen bizia hobe egiteko, berrikuntza sozialean eta tokiko garapenean oinarrituta martxan jarri zituen proiektuak. Bizitza labur eta intentsua, baina gure ustez, hemen gaudenontzat irakaspen asko utzi dituena. Irakaspenak eta “egiteko modu bat”, izpiritu bat. Artetik, feminismotik eta ekologismotik edan zuen proiektu artistiko, ekintzaile eta errealistak babesteko eta sortzeko. Asko bidaiatutakoa, hainbat lekutan bizi izan zen, hainbat kontinentetako herrialdeetan, eta horrek balio izan zion erabat sinesteko dena oso lotuta dagoela, eta planetako edozein txokotan eraldaketa sozialerako ematen den urrats txiki orok eragina duela giza eta lurreko bizitzaren orekan», diote elkarteko iturriek.

Ondorengo arlo hauetan ekarpena egiten duten pertsona, erakunde edo proiektuek jaso ahal izango dute saria:

  • Genero berdintasuna: Emakumeen ahalduntzea eta pertsonen arteko berdintasun harremanak sustatzen dituztenak.
  • Kultur aniztasuna eta sormena: Kultura aniztasuna balioesten dutenak. Berdintasun eta askatasun balioetan oinarritzen diren sorkuntza proiektu edo jardueren atzean dauden ibilbide profesionalak.
  • Osasun arduratsua: Pertsonak (batez ere emakumeak) ahalduntzera eta beren osasunaz arduratzera bultzatzen dituztenak.
  • Tokiko eta komunitate garapena: Dagokien eremuan, ehun sozioekologikoa (subjektua eta objektua) kontuan hartzen dutenak, eta, maila sozialean, lurraldea hiru arlotan egituratzen dela: publiko instituzionalean, ekonomikoan eta komunitarioan.
  • Hirigintza inklusiboa: Herrien eta hirien beharrei eta erronkei (espazio publikoaren okupazio jasangarria, etxebizitza, ekipamendu publikoak…) modu inklusiboan eta partaidetzan oinarrituta erantzuten dietenak.
  • Elikadura burujabetza: Lehen sektorea eta tokiko produktuen kontsumoa sustatzen dituztenak, merkaturatzeko bide laburrak erabiliz.
  • Gizarte ekonomia eraldatzailea: Pertsonak erdigunean jartzen dituen garapen ekonomikoari eusten diotenak, mota horretako enpresak sortzea sustatu edo enpresa tradizionalak eredu horretara eraldatzea planteatzen dutenak.

Era berean, aurkezten diren hautagaiek honakoa bete beharko dute: bizitza erdigunean jartzea, parte hartze kolektiboa bermatzea, erresilientzia gaitasuna izatea, dinamikoa izan eta tokiko errealitatera egokitzea eta dagokion eragin eremuko ehun sozioekologikoa osatzen duten hiru arloak jaso beharko ditu, hau da, publiko instituzionala, ekonomikoa eta komunitarioa aintzat hartzea.

Hautagai guztiek deskribapen memoria bat aurkeztu beharko dute, hautagaitza argudiatu eta justifikatzeko. Genero eragina izatea baloratuko dutela aurreratu dute antolatzaileek, eta pertsona edo erakundeen izen-abizenak, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eta curriculuma aurkeztu beharko direla. Helbide honetara bidali beharko da hautagaitza.

Jasotako lan guztiak Hiritik AT-eko kide batek, Farapiko kide batek eta Eva Campo Muller elkarteko kide batek baloratuko ditu.

Eva Campo Muller
Eva Campo Muller Irunen jaio zen 1979an, eta Hondarribian hil zen 2016an.  5 hizkuntza menderatzen zituen: gaztelera, frantsesa, ingelesa, alemanera eta euskara. Komunikatzaile aparta zen. Industria ingeniaritza ikasketak egin zituen Castellonen  et azken urtean sei hilabeteko egonaldia egin zuen Estatu Batuetan, Arte Ederretako fakultatean. Euskal Herrira itzuli eta lan mundura egin zuen jauzia: altzari eta objektuen diseinuan aritu zen hainbat estudio eta enpresetan, eta Hiritik At kooperatiba bidasoarra sortzeko taldean aritu zen. 2014tik Bruselan ibili zen denbora luzez, baina 2015ean Euskal Herrira itzuli behar izan zuen, bere osasun egoerak okerrera egin baitzuen.

Ez dago iruzkinik

Utzi zure iruzkina

Follow by Email
RSS