Irungo Udalak tokiko merkatariei laguntzeko beste kanpaina bat abiarazi du

Irungo Udalak gertuko merkataritzaren aldeko apustua berretsi du, eta horretarako kanpaina bat abian jarri du, Irun Market plataforman erostea sustatzeko. Plataforma hori www.irun.market helbidean dago, eta betiko erosketak online egiteko aukera ematen du, erositakoa dendan bertan jasota edo etxera bidalita. Tokiko ekimen hori duela urtebete eskas jarri zen martxan, hiriko saltokien digitalizazioa eta saltoki txikietako kontsumoa sustatzeko.

Miguel Ángel Páez ordezkariak adierazi duenez, «udazkenari begira, sustapen berezi bat jarri dugu martxan, plataforma horretan egindako erosketak bultzatzeko. Geure erosketak Irunen geratzeko Udalak egiten duen ahalegina da. Saltoki bikainak ditugu etxean bertan: lan eta lan ari dira aldaketa teknologikoei egokitzeko, bai eta eraldaketa sozialei ere, kontsumitzaileen ohiturak ere aldatzen doaz eta. Deskontu hauen bidez, tokiko merkataritza are erakargarriago egin nahi dugu, irundarrek saltoki txikietan eros dezaten, online plataforma erabilita».

Funtzionamendua

Irundar bakoitzak 10 euroko 5 bonu izango ditu eskura. Horiek erabili ahal izateko, aldez aurretik Udalaren webgunearen bidez eskatu beharko dira, aurki jakinaraziko den epe baten barruan. Bonuak erabiltzeko kanpaina hasi aurretik, irun.market plataformatik 5 kode igorriko zaizkie eskatzaileei. Kode horiek www.irun.market plataformak erabili beharko dira, eta ez dendan bertan.

Prozedura aski erraza da: www.irun.market plataforman sartuta, erosketa egin eta kodeak sartu behar dira bonuak erabiltzeko, besterik ez. Badira kontuan izan beharreko bi alderdi:

  1. www.irun.market plataforman bonu bat edo gehiago erabiltzeko, erosketa saltoki bakar batean egin beharko da. Hau da, bonuak hainbat saltokitan erabiltzeko, erosketak bereiz egin beharko dira. Beraz, saski berean zenbait dendatako produktuak badaude, ezingo dira bonuak erosketa horretan erabili.
  2. Deskontuak, gehienez ere, bost erosketatan erabili beharko dira, baina bonu bat baino gehiago (edo guztiak) erosketa bakarrean erabil daitezke. Deskontu bakoitzeko 30 €-ko gastua egin beharko du erosleak.

Kodeak www.irun.market plataformako saski birtuala berresteko unean sartu beharko dira. Deialdi honetan, 2.500 deskontu aktibatuko dira, eta ez dago www.irun.market plataformako saltoki bakoitzean erabiltzeko gehieneko deskontu kopururik. Pertsona bakoitzak 5 kode eska ditzake gehienez ere. Eskainitako deskontu guztiak erabiltzen direnean, sistemak ez du gehiago sartzeko aukerarik emango. Deskontuak abenduaren 15era arte erabil daitezke.

Ez dago iruzkinik

Utzi zure iruzkina

Follow by Email
RSS