Tokiko merkataritza «on moduan» jarriko da Irun Market-en online salmentarako plataforma berriarekin

Tokiko merkataritza «on moduan» jarriko da Irun Market-en online salmentarako plataforma berriarekin

Irun.org (2024.09.19)

Bihar etapa berri bat hasiko da Irungo tokiko merkataritzarentzat. “Zure tokiko merkataritza On moduan” lelopean, datozen hilabeteetan, Irun Market online merkataritzaren proiektuaren esparruan, hainbat jarduera ikusi ahal izango dira. Europar Batasunak finantzatzen du, NEXT GENERATION EU funtsen bidez.

Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Hiri Bultzadako eta Ekonomia Sustapeneko ordezkariak prentsaurrekoa eman du gaur goizean Hornidura Merkatuan, Irun Market-en online salmentarako plataforma berria ezagutzera emateko, bihartik aurrera (irailak 20, ostirala) jarriko baita martxan.

Azpimarratu behar da une honetan 50 saltoki baino gehiago ari direla hainbat jarduera garatzen martxan jarriko diren ekimen berrietara bideratuta: digitalizazioa, modernizazioa eta trantsizio ekologikoa.

Ordezkariak nabarmendu duenez, “aspalditxotik ari gara esaten Irun Market plataforma eraldatzen ari dela, tokiko merkataritzaren marka berri gisa aurkezten dela lehiakortasuna eta eraginkortasuna hobetze aldera. Errealitate bat da Irungo merkataritza etengabe aldatzen eta hobetzen ari dela hilabeteotan martxan jarritako programei esker, digitalizazioaren bidez, salmenta-prozesuak hobetuz edo efizientzia energetikoaren bidez, eta, ildo horretan, bihar, online plataforma bat argitara aterako da merkatariei nahiz erosleei hobekuntza nabarmenak eskaintzeko”.

Online salmentarako plataforma berria martxan jartzea etorkizuneko plataformaren lehen aurrerapauso bat da, datozen hilabeteetan nobedade gehiago izango baitira. Izan ere, plataforma berri horri esker, Irun Market online salmentarako tresna izateaz gain, hainbat multimedia-eduki dauzkan tresna bihurtuko da, eta baita merkataritzarako tresnak dituen intranet bat ere hainbat esparrutarako (prestakuntza, jasangarritasuna eta abar).

Halaber, plataformak tokiko banaketa-zerbitzua izaten jarraituko du, Badoa enpresaren bidez. Enpresa horrek banaketa hori modu jasangarrian egiten du: bizikletaz. Gainera, urtea amaitu aurretik, plataformak hiru kontsigna izango ditu produktuak jasotzeko, herritarrei erosketak errazteko tokiko merkataritzan.

Alzagak azaldu duenez, “laster, denda berriak gehituko dira market place-ra; beraz, bertan egon nahi duten guztiak animatzen ditugu, udal-webgunean atxikimendu-eskaera egin dezaten. Tokiko saltokien sare bat ehundu nahi dugu, plataformarekin batera haz daitezen, guztion artean ahalik eta zerbitzu onena eskaintzeko”.

Erabilera bakarreko ontziak murriztea

Gainera, merkataritzaren jasangarritasunaren esparruan, irailaren 23, 24 eta 25ean kontzientziazio-kanpaina bat egingo da, hurbileko merkataritzan erabilera bakarreko ontziak murritz daitezen. Horregatik, bai Hornidura Azokan, bai hiriko hainbat merkataritza-gunetan, ontziak eta poltsak emango zaizkie egun horretako erosketa-txartela aurkezten duten herritarrei. Azokan, ontzi eta poltsa horiek azokako postuetan egindako erosketetarako emango dira; merkataritza guneetan, berriz, Irungo tokiko saltokiaren erosketa-tiketa aurkeztuta emango dira.

Irun Commerce Lab, gero eta hurbilago

Era berean, lanak hasi dituzte gerora berrikuntza-gune bat izateko Serapio Mujika kalean dagoen Irun Commerce Lab tokiko merkataritzan. Balio anitzeko laborategi bat da, merkataritzaren arloan enpresen digitalizazioa eta lehiakortasuna bultzatzeko topagune eta esperimentazio-gune dena.

No Comments

Sorry, the comment form is closed at this time.

Follow by Email
RSS