Ekainaren 1ean XXVII. Enpleguaren Astea ospatuko da ohiko formatuan

  • Guztira 200 lanpostu baino gehiago eskainiko dira.
  • Sarrera librea izango da eta enpresekin biltzeko ez da aurretiko hitzordurik eskatu behar.

 Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa biziriken bitartez, XXVII. Enpleguaren Astea antolatu dute ekainaren 1erako Ficoban. Ekitaldi honetan eskualdeko enpresei kontratazioa errazteko eta enplegua aktiboki bilatzen duten pertsonei lanpostua aurkitzen laguntzeko lan egiten da.

Miguel Ángel Páezek, Bidasoa bizirikeko Presidenteak adierazi duenez, “Bi urtez aldatu egin da enpleguaren azoka, pandemiak eragindako murrizketen ondorioz. Horregatik, Enpleguaren Astearen edizio berri hau berriz ere sarrera librekoa izango da, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik lan-eskaintzetan izena ematea.”.

40 enpresa inguru izango dira beraiengana hurbiltzen diren eta eskatzen dituzten profiletara egokitzen diren pertsonei arreta emateko eta curriculumak jasotzeko. Era berean, Bidasoa bizirikeko gunean bertaratzerik ez duten enpresen eskaintzetarako curriculumak jasoko dira. «Bidasoa biziriketik eta Udaletatik lanean jarraitzen dugu enplegu-bilaketa aktiboan dauden pertsonei, eta bereziki iraupen luzeko langabeei, lan-aukera bat eskaintzeko», gaineratu du Paezek.

Azokaren funtzionamendua pandemiaren aurretik egindakoen antzekoa da. Interesa duten pertsonek lan-eskaintzak kontsultatu ahal izango dituzte maiatzaren 13tik aurrera, www.bidasoa-activa.com webgunearen bidez, eta ekainaren 1ean FICOBAn egingo dira elkarrizketak. Era berean, egun berean, erakunde eta enpresentzako gune ireki bat egongo da, beren profilen beharrak ezagutarazteko. Bertan, interesdunek aukera izango dute, aldez aurretik izena eman beharrik gabe, curriculuma eskura emateko eta enpresekin elkarrizketa bat izateko. Profil horiei buruzko informazioa ere Bidasoa biziriken webgunean dago.

Bestalde, María Serranok, Bidasoa bizirikeko lehendakariordeak adierazi duenez, “iada ezaguna den ekitaldi honi esker pertsona askok lana aurkitu ahal izan dute urte hauetan”.

Enpresa pribatuez gain, Euskadiko, Nafarroako eta Frantziako Enplegu Zerbitzu Publikoak ere bertan izango dira, beren lan-eskaintzaren eta eskaintzarako sarbidearen berri emateko. Bidez-Bide Elkartearen stand bat ere egongo da, atzerriko tituluak homologatzeko prozesuari buruzko informazioa eskatu nahi dutenentzat.

Argazkilari profesional bat eta curriculuma hobetzeko aukera

Aurten argazkilari profesional batek argazkiak aterako dizkie interesa duten pertsonei, curriculumetan edo Linkedin bezalako sare profesionaletan erabiltzeko. Zerbitzua doakoa izango da.

Gainera, curriculuma hobetu edo sortu nahi duten pertsonek arlo horretan espezializatutako langileen laguntzarekin egin ahal izango dute. Horretarako, aurreko edizioetan bezala, bi ordenagailu eta inprimagailu bat jarriko dira.

 

Ez dago iruzkinik

Utzi zure iruzkina

Follow by Email
RSS